Loiolako San Ignazio (Iñigo), apaiza, SJ (1491-1556)
Bilbo eta Donostiako elizbarrutietako Zaindaria – Festaburua
Jesusen Konpainia (Jesuitak) fundatu zuen.
Loiolako
San Ignazio, Iñigo izenarekin Soreasuko San Sebastian Parrokian
bataiatua, 1467an ezkondu ziren Beltran Oinaz eta Marina Sánchez de
Liconaren hamahirugarren semea, 1491n jaio zen Loiolan (Azpeitia).
Aipatutako eliza berritua izan da horren ostean, baina bertan ikus daiteke gipuzkoar unibertsalena bataiatzeko erabili zen bataio pontea. Urola
ibaiak zeharkatzen duen eta mendiek (Izarraitz mendigunea, Izazpi…)
inguratzen duten zelai berdeetako bailara honetan haurtzaroa eman zuen.
Bere aitona Joanek parte hartu zuen oinaztar eta ganboatarren arteko
borrokan.
Gerratea galdu ostean, jarritako zigorren artean,
harrizko gotorlekua botarazi zioten eta utzi zioten adreiluan
berreraikitzen, beheko solairua izan ezik,
horrela defentsarako
ahalmena murriztuta oso geratu zen. Dorre-etxe honek itxura hau zuen
Iñigo mundu honetara etorri zenean eta egun hala bisitatu daiteke. Maria
Garin izeneko emakumeak (Errazti olagizonaren emaztea, Iñigo jaio zen
dorretxetik bostehun bat metrotara dagoen Egibar baserrian bizi ziren)
titia eman zion eta San Ignazio hil ostean bere testigantzari esker
jakingo zen zer urtean jaioa zen. Inguru honetan ikasiko zuen Iñigok
bere lehen hizkuntza, euskara, baldintzatuko zuena, bere abantaila eta
desabantailekin, erabiliko zituen beste hizkuntzak ikastea eta beraietan
jardutea. Hemen ere, fedean bere lehenengo pausoak emango zituen eta
hasiko zen Ama Birjinari Olatz izenarekin deitzen, Loiolako auzoan egun
ere beneratzen den irudi gotiko ederraren aurrean, Iñigok ezagutu zuena,
planta erromanikoa duen baselizan.
Jaiotzaren hurrengo urtean,
Granada bereganatu zuen Gaztelak eta horrela amaitzen zen aztarna ugari
utzi duen Iberiar Penintsulan zortzi mendez iraun zuen musulmanen
menpekotasuna (711-1492), besteak beste, kulturan, arkitekturan,
artean, arbasoetan, bai eta hizkuntzan ere. Urte berean Nebrijaren
gaztelera hizkuntzako gramatika argitaratu zen eta Isabel eta Fernando
Erregeek, deuseztagarria den erabakian, juduak Gaztela eta Aragoitik
deserriratu zituzten. Azpimarratzekoa ere urte horretan Kristobal
Kolonek Amerika aurkitu zuela. Argiak eta itzalak izan zituen
aurkikuntza honek; argien artean gogora ekarri daiteke indigenen
ebanjelizazioa eta eskubideen alde lan egin zutenak, hala nola,
Gipuzkoan arbasoak zituen (aita Urrestilakoa zuen) eta San Ignazioren
garaikidea zen Jose Antxieta (1534-1597) jesuita, obra honetan bere
bizitza kontatzen dugun Julian Lizardi beneragarria jesuita asteasuarra,
Frantzisko Beraskola Saez Kastaniza (1564-1597) frantziskotar
bizkaitarra, dohatsu izendatzeko prozesuan dagoena, eta frantziskotarra
ere den San Junipero Serra (1713-1784).
Hamasei
urterekin umezurtz geratu zen. Aita 1507ko urriaren 23an hil zitzaion
eta ama lehenago zendu zen. Bere aitak “otsoa” zetorrela ikusi zuenean
(ezin daiteke hobeki esan, familiaren armarrian otsoak eta pertza
azaltzen baitira) eta bere azken ordua gertu sumatu zuenean, Iñigo
Fernando Erregearen konfiantzako gizona zen Gaztelako Kontulari
nagusiaren, Joan Velázquez Cuéllar, eta familiakoa zuen bere emazte
Maria Velascoren esku jarri zuen. Seme bat bezala hartu zuten beraien
familia ugarian (sei seme eta sei alaba zituzten) Arévalon (Gaztela)
1506an, jauregi zoragarri batean, luxuz, handikeriaz eta harrokeriaz
beteriko bizitzan. Honengatik meritu gehiago izango du Iñigok pobrezia
handiko bizitza aukeratuko duenean. Horrela, Gaztelako gorteko jende
artean eman zuen gaztaroko denbora asko, bizitza zalapartatsua eramanez.
Maitemindu zen emakume batekin, kondesa edo dukesa baino noble-jatorri
altuagokoa. Ribadeneiraren esanetan, Ignaziok aitortuko zuen publikoki
nerabe zenean igalia lapurtu izana, min emango zion jabeari egindako
kalteak eta, batik bat, lapurretaren ondorioz, errugabe batek isun larri
baten zigorra jasan behar izan baitzuen.
1515ean Azpeitian egon
zen bere anai Pedro apaizarekin, geroago aipatu herriko Soreasuko San
Sebastianeko parrokoa izango zena, inauteritan eta oker galanta egin
omen zuen gauez, zigorrik gabe amaituko zen prozesua ireki baitzion
Korrejidoreak delitu kualifikatu eta handiagatik. “Emakumeekin
bihurrikeriak”
ere egin zituen. Bai eta hilko zutenaren mehatxua jaso omen zuen Iñigok
Kaminako Kontesaren zerbitzari zen Frantzisko Oiarengandik ere. Hori
dela eta eskatu zuen eta eman zioten armak eramateko baimena. Puntu positiboren bat ere bazuen Iñigoren bizitzak
garai honetan, ez baitzuen gorrotorik izan inoren aurka eta ez baitzuen
Jainkoaren aurkako biraorik esan; ez zion arpilatzeari eman Najera
zigortzerakoan; eta, bere familiako Aita Araoz bergaratarraren arabera,
bere familiak Erromara bidalia izan zena Ignaziok bere obra uzteko eta
Jesusen Konpainian sartuko zena, nahiz eta musika zalea izan, Iñigok ez
zuen jo ostiraletan, ez eta larunbatetan ere, errenuntzia honetan, bere
debozioa agertzen da, zertxobait azalekoa bazen ere, Gure Jaunaren
Nekaldiari, maitasunez hil baitzen ostiral batean gurutzean gure
bekatuetatik salbatzeko, eta Ama Birjinari, bere Bihotz Guztiz Garbian,
Elizaren fedea, maitasuna eta itxaropena gordeta geratu baitzen
Nekaldiaren biharamuneko larunbatean eta itxaroten zuen bere Seme
Jesusen Piztueraren bezperan, bera izan baitzen bakarra, Jesusen gorpua
hilobiaren iluntasunean zegoela, Bere Semeari eta Gabriel Goiaingeruaren
hitzei Agerkundean sinetsi zuena: “Bere erreinuak ez du azkenik
izango.”
Bihotz-berritzea eta erromesaldiak
1517ko
abuztuaren 12an hil zen bera babesten zuen Joan Velázquez Cuéllar eta
kokapen on bat izan gabe leku berri bat bilatu behar izan zuen Iñigok.
Orduan Nafarroako erregeorde zen Antonio Manrike Lara Najerako Dukearen
zerbitzuan jarri zen. Iñigoren izeba moja batek esana zion, ez zara
zentzatuko hanka hautsiko dizuten arte. 1512an Gaztelako erreinuak bere
agintepean hartu zuen Nafarroakoa, frantziar jatorriko errege nafarra
botaz. Frantziako Frantzisko I.ak erreinua berreskuratu nahirik, Iruñako
gazteluari eraso egin zion 1521eko maiatzean; Iñigok, berriz, gaztelu
horren defentsan borrokatu zuen. Kanoi-bala batek eskuineko zangoan
zauritu zuelarik, lehenengo sendaketak oso ondo tratatu zuten frantsesek
berek egin ondoren, Loiolako dorre-etxera eraman zuten erabat
sendatzera. Bidean igaro zituzten Irurtzun, Bi Ahizpak, Zuasti,
Lekunberri, Idiazabal eta Antzuolako Etxeandian atseden labur baten
ostean, Loiolara iritsi ziren. Bertan bere anai Martin (bigarrena zen,
nagusiena, Joan, 1496an Napolin hil baitzen Kapitaina Handiaren
gerrateetan) eta honen emaztea, bere koinata, ama baten samurtasunez
Iñigo zainduko zuen Magdalena Araoz seme-alabekin bizi ziren. Hiltzear
egon zen, Sakramentuak jaso zituen ekainaren 28an, debozio handia zion
San Pedro eta San Pauloren egunaren bezperan, baina aurrera aterako zen.
Hasiera batean lehengo bizitzarekin jarraitzeko asmoa zuen,
ebakuntza mingarria egin zioten hankan, berak hala eskatuta, estetika
hutsagatik. Irakurtzeko zerbait eskatu zuelarik, “Vita Christi” bat eta
santuen bizitzen inguruko liburua eman zizkioten. Irakurketa horien
bidez, dorretxean, Jaunaren graziak ukiturik, aldaketa nabarmena egin
zuen Iñigok. Hori bai, bere barnean Jainkoaren nahia eta munduko grinen
arteko borroka darrai. Munduko gauzetan pentsatzeak lehor eta pozik gabe
uzten zioten; Jainkoaren gauzetan pentsatuz gero, alai geratzen zen.
Eskarmentu honi beranduago deituko dio espiritu ezberdinena. Kartusiarra
izatea pentsatzen du eta horren inguruan informazioa lortzen du, nahiz
eta aurrerago bertan behera utziko zuen proiektu hau. Esna zegoela gauez
Ama Birjina Jesus Haurtxoarekin agertzen zaio, kontsolamendu handia
jasotzen du eta ordutik “haragiaren gauzetan” ez da berriro eroriko.
Zerura eta izarretara begiratuta kontsolamendua zuen, indarberritzen
baitzen Gure Jauna zerbitzatzeko. Urte honetan Leon X.a Aita Santuak
Lutero eskumikatu zuen.
Munduko gauzei uko eginik, Loiolatik
Arantzazuko Amaren Santutegira jo zuen, bertan otoitz-beila egin zuen
eta agindu zuen kastitatean biziko zela, eta handik, Navarretetik
igarota, Montserratekora mando batean 1522an. Dena dela, bere bihotz
berritzeko prozesua urratsez urrats doa aurrera. Honen proba da gertaera
hau. Montserraterako bidean mando baten gainean zihoan musulman batekin
topo egin zuen, Andre Mariaren inguruan hitz egin zuten, hasiberrien
solasaldia erlijioen arteko elkarrizketatzat jo genezake. Musulmana ados
zegoen Ama Birjinak gizonik gabe haurra izatearekin, “baina erditzea
eta birjin jarraitzea, ezin zuen sinetsi.” Erromesak bere arrazoiak eman
zituen defendatzeko Andre Maria birjina dela erditze aurretik,
erditzerakoan eta erditu ostean, baina musulmanak ez zuen amorerik eman
eta aurreratu zen. Iñigoren haserreak une honetatik aurrera gora egiten
du eta musulmanaren bila joatea edo ez planteatzen dio bere buruari
esandako gehiegikeriengatik eta Andre Maria ohoratzeko. Azkenik mandoari
uzten dio bidea aukeratzen eta, Jainkoari esker, musulmanak hartu zuen
bide zabalaren ordez beste batetik doa.
Montserraten bizitza
osoko konfesioa egin zuen (Aitortzako edo berradiskidetzeko
Sakramentua), bere jantziak behartsu bati eman, eta ezpata eta sastakaia
utzi zituen. Gau oso bat beilan eman zuen belaunika edo zutik Ama
Birjinaren aldarearen aurrean Alfontso X.a Jakintsuaren zazpi partidetan
edo Garci Rodriguez Montalvoren Amadis de Gaula liburuan deskribatzen
den erritualaren arabera. Egindako bekatuen nazka handia zuen eta gogo
bizia zuen Jainkoaren maitasunagatik gauza handiak egiteko. Aurrerago
Ignaziok bere buruari “erromesa” esango zion. Manresara doa, leize-zulo
batean sarri egoten da eta ordutik limosnaz ematen ziotenetik otoitzean (Orduen Liburua, Arrosarioa, Angelusa, bideetako gurutzeak beneratzen zituen…) eta penitentzia egiten bizi da.
Igandero aitortu, Meza entzun eta Jauna hartzen du, bere bizitza guztian
zehar egingo duen moduan eta bere dizipuluei transmititzen ahaleginduko
den eran. Egunero Meza Nagusia entzun eta Nekaldia irakurtzen du.
Ospitalera zihoan eta gaixoak garbitzen zituen. Otoitz egiten zuen
Viladordisko Andre Mariaren Ermitan, dominikarren elizan, Ospitalekoan…
Gauza bat argi du eta otoitz honen bidez adieraziko du: “Jauna, ez dut
egingo zuri min emango dizunik.” Garai honetan Joan Sebastian Elkano
getariarrak (1476-1526) mundu osoari lehenengo aldiz buelta eman zion
Victoria itsasontzian hamazazpi lagunekin batean, 1519ko irailaren 20an
Sanlúcar de Barramedatik (Kadiz) irten eta 1522ko irailaren 6an San
Lúcarreko badiara heldu ziren. Iñigok bere barneko bidaiarekin
jarraitzen du. Aztoramena, eskrupuluak, kezkak eta larrialdia izan
ostean, beti gogoan izango zuen Jainkoaren esperientzia bizi izan zuen:
“Cardonerreko argia”, gauza guztiak berriak iruditzen zitzaizkion.
Gogo Jardunak
Han
idatzi zituen, gerora Gogo Jardunak liburu ospetsua egiteko erabiliko
zituen lehenengo oharrak. Jende ugariri on egin diote, besteak beste,
obra honetan aipatzen diren pertsona askori. Gogo jardunen terminoak
adierazten du “kontzientzia aztertzeko, hausnartzeko, ahoarekin edo
mentalki otoitz egiteko modu guztiak, bai eta beste lan espiritualak
ere”. “Paseatu, ibili edo korrika egitea gorputzaren ariketak diren
moduan; era berean, gogo jardunak dira arima prestatu eta egokitzeko
modu guztiak norberaren gaitz oker guztiak kentzeko eta, kendu ostean,
norberaren bizitza antolatzerakoan Jainkoaren nahia bilatu eta
aurkitzeko modu guztiak, arimaren osasunerako.” Kontua ez da jakintsu
izatea, baizik eta maitasunean haztea Jainkoarekin hitz eginez bihotz
berritu ostean: “asko jakiteak ez baitu arima asetzen eta pozten, baizik
eta gauzak sentitu eta gozatzea barnean.” Gogo jardunak gutxi
gorabehera hogeita hamar eguneko iraupena dute. Beste aukerak ere
badaude epe laburragoetan eta norberak duen aukeraren arabera.
Jainkoarekin eta santuekin harremanetan jarri behar da eta “giza
naturaren etsaiaren” (deabrua) iruzurren aurkako borroka dago gu
salbatzeko, hau da, Zerura joateko eta ez infernura.
Gogo
jardunak aurretiko ohar batzuekin hasten dira. Ondoren oinarria dator:
“kristau zintzoa prest egon behar du gehiago salbatzera hurkoak
adierazten duena, kondenatzera baino.” “Etekin handikoa da gogo
jardunetan gure Sortzaile eta Jaunarekiko animo eta eskuzabaltasun
handiarekin sartzea.” Zuzendu behar da maitasunez eta bide egokiak
erabiliz, salbamenerako lagungarriak izango direnak. Hasiera eta
oinarria da sortuak izan garela “Jainko gure Jauna goresteko,
bedeinkatzeko eta zerbitzatzeko, eta, honen bidez, gure arima salbatuko
dugu”. Lau zati edo asteak dituzte:
Lehenengoa: Kontuan hartu eta kontenplatu bekatuak.
Bigarrena: Gure Jaunaren Bizitza Erramu egunera arte, hau barne.
Hirugarrena: Kristo Gure Jaunaren Nekaldia. Laugarrena: Piztuera eta Igokundea.
Gure
Aita, Agur Maria bezalako otoitzak, hausnarketak, kontenplazioak,
kontzientzia azterketa, aitortza, jaunartzea, etab. proposatzen zaizkio
gogo jardunak egiten duenari. “Teknika” interesgarri bat erabiltzen da,
egoera aztertzea, hau da, leku batean eta garai batean egongo bagina
bezala eta imajinazioarekin kontenplatzea, esate baterako, Jesukristo
edo Andre Maria dagoen mendi edo tenplu bat, norberaren bizitzarekin
harremanetan jarri eta, hortik abiatuta, probetxu espirituala ekartzea.
Hala nola, Jainkoaren bigarren pertsona gizon egin zela, Jainkoaren hiru
pertsonak mundua begiratzen dute jendez beterik eta, garaia bete
zenean, Gabriel Goiaingerua Ama Birjinarengana Nazaretera (Galilea)
bidaliz eta Espiritu Santuaren egitez Jainkoaren bigarren pertsona gizon
egin zen gizakiak salbatzeko. Gogo jardunetan dabilena mundua ikusten
du, “jende horren ezberdinak” bertan daudela eta ondoren Andre Mariaren
etxea eta jarraian eskatzen du barrutik Jauna ezagutzea, “nigatik gizon
egin dena, nik Berari gehiago jarraitu eta maitatzeko.” Hiru sarrera eta
hiru puntuek osatzen dute kontenplazio hau. Elkarrizketa batekin
amaitzen da Jainkoaren hiru pertsonekin edo gizon egin den Hitzarekin
edo gure Ama Mariarekin “eskaturik barnean sentitzen denaren arabera,
gero eta gehiago gure Jauna jarraitu eta imitatzeko.” Gogo Jardunen
bukaeran Elizarekin sentitzeko arauak daude, horietatik lehenengoa da
prest egotea denetan obeditzeko Kristo gure Jaunaren egiazko emaztea den
“gure ama Eliza santu jerarkikoari”.
1548ko uztailaren 31n Paulo
III.ak “Pastoralis Officii” Bularen bitartez Gogo Jardunen liburua
onartu eta praktikatzea gomendatu zuen. Aita Santu askok hamaika aldiz
Gogo Jardunak goraipatu eta bultzatu
dituzte. Besteak beste, San Ignazio Gogo Jardunen eta erretiroen
patroi izendatuko zuen Pio XI.ak idatzi zuen “jakintzaz beteriko eta
erabat unibertsala den arauen kodea dela arimak salbamen eta perfekzio
bidetik eramateko modukoa”.
Lur Santua eta ikasketak
Jesus,
Maria eta Joseren Lurralde Santura jo nahi zuen, salbamenaren lurra,
bosgarren Ebanjelioa deitua izan dena (han ikusi, are gehiago, ukitu
dezakegulako Jainkoak gizakiekin egin duen historiaren errealitatea),
han Jesukristorekin bat egiteko egokiera aurkitzeko asmoz. Bartzelonatik
Erromara joan zen, bertan Aita Santu aukeratu zutenean Gasteizen zegoen
Adriano VI.aren bedeinkapena jaso zuen, ondoren Paduatik Veneziara eta
hemendik itsasontziz Txipretik Lur Santura doa han geratzeko asmoz
1523an; baina frantziskotarrek ez zioten bertan gelditzen utzi. Lur
Santuan Jerusalem (azken afariko gela, Ama Birjina lo geratu zeneko
eliza, Hilobi Santuaren eliza - gaua beilan eman zuten hemen erromesek,
bakoitza bere hizkuntzan aitortu, Meza entzun eta Jauna bihotzean hartu
zuten- Gurutz Bidea, Olibondoen baratza eta mendia, Ama Birjinaren
iturria, Siloeko iturria, Sion mendia..), Zedroneko erreka, Josafateko
bailara, Betfage, Betania, Belen, Jeriko, Jordan ibaia, besteak beste,
bisitatu zituzten. Egun egiten diren erromesaldietan ibilbide hauek ere
bisitatzen dira.
Itzuleran, Txipretik hiru itsasontzi irtengo
ziren. Bata ahaltsua, gizon aberats batena, bigarrena, turkoena, eta
azkena, txiki bat zen. Iñigoren lagunak ahalegindu ziren gizon
aberatsaren itsasontzian joan zedin, baina jabeak ezezkoa eman zion
iseka eginez. Txikian abiatuko zen. Itsas ekaitza izan zen eta gizon
aberatsaren itsasontzia eta turkoena hondoratu ziren, onik portura,
Pugliako eskualdera, ailegatu zen bakarra erromesarena izan zen, eta
Veneziara 1524ko urtarrilaren erdialdera helduko ziren. Genoarantz doa
Ferraratik gerratean ziren armada frantsesa eta Karlos V.aren artean.
Atxilotzen dute eta aske uzten zorotzat hartuta. Bidea jarraitzen du,
berriro atxilotu zuten eta armada frantseseko kapitain baten aurrera
daramate. Honek jakin zuenean gipuzkoarra zela, esan zion, «gertukoa
naiz ni ere», Baiona ingurukoa, antza; eta gero esan zuen: «eraman
ezazue, eta afaria eman, eta ondo tratatu ezazue».
Kataluniara
itzulirik, latineko eta teologia-ikasketak egiten hasi zen, 1524 eta
1527 bitartean, Bartzelonan aurrena bi urtez, Alcalan gero eta, azkenik,
Salamancan. Ikasketak egin bitartean, jendeari kristau doktrina
irakasten aritzen zen, nahiz banaka nahiz taldean, eta gogo jardunak
ematen zituen. Bartzelonan emakume fededun batzuek lagunduko zioten,
hala nola, Ines Pascual, beraren inguruan esango zen egiazale amorratua
zela, mundu guztiagatik ere gezurrik esango ez zuena. Erromesak, bere
aldetik, lan egiten zuen arimei laguntzeko. Gauez luze otoitz egiten du
eta negarretan dio: “Ene Jainko, gizakiak ezagutuko bazinduzkete!” Lau
lagunekin talde bat osatzen du, baina ez zuen luze iraungo. Mundu
guztian zehar pobreei ospitaletan eta laguntzera joan nahi zuten bi
Alcalako emakumeei… Iñigok burutik kentzen die “alaba horren gazte eta
ikusgarria zelako, etab.”, eta esan zien, pobreak bisitatu nahi izanez
gero, Alcalan egin zezaketela, eta Sakramentu guztiz Santua ere lagundu
zezaketela. 1527an bi epaiketa jasan eta kartzelan ere egon behar izan
zuen, doktrina irakasteko titulurik ez zuelako, nahiz eta irakasten
zuenaren inguruan okerrik aurkitu ez zuten. Presondegitik hurkoari
laguntzen jarraitzen du. Teologia erakusteko debekua ezarri zioten. Hori
dela eta, erabaki zuen Salamancatik alde egitea, eta Bartzelonatik
Parisera joan zen, bakarrik eta oinez. Urte honetan gertatu zen “il
sacco di Roma”, hau da, Klemente VII.a Aita Santua eta bere aliatuen
aurka borrokatzen zuen Karlos I.a Espainiakoa eta V.a Alemaniakoaren
armadak, Erromako arpilatzeari ekin zion; honek zailago egingo zuen
Ignaziok etorkizunean burutu behar zuen obra eta batek baino gehiagok
begitan hartuko zuen bere jatorriagatik.
1528tik
1535a bitartean Parisen jarraitu zituen Teologia ikasketak
Unibertsitatean; han ezagutu zuen Xabierko Frantzisko Santa Barbara
egoitzan, lehenago Monteagudo egoitzan egona zen. Iñigok behin eta
berriro esaten zion Jesukristoren esaldi hau: “Zertarako du gizakiak
mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen badu.” (Mt 16, 26). Honekin
eta beste lagun batzuekin (egun dohatsua den Pedro Fabro, Lainez,
Salmeron, Nikolas Bobadilla eta Simon Rodrigues), 1534ko abuztuaren
15ean, goizez, San Denis eta martiri lagunen kripta-kaperan Montmartre
(Mons Martyrum, Martirien Mendia) mendixkan, behartsu eta garbi izateko
botoak egin zituen eta beste bat erantsi zuen: Jerusalema joatekoa edota
Kristoren Ordezkariaren aurrean aurkeztea honek lana eman ziezaien
Jainkoaren aintza handirako eta arimen onerako izango zen horretan.
Aipatu mendixkan egun Jesusen Bihotzari eskainita dagoen tenplu bat dago
eta bertan Jesus-Eukaristia etengabe adoratzen da; Donostiako San Martin Gotzainaren Parrokian (Easo eta San Bartolome kaleen bide-gurutzean) gertatzen den moduan. Behin batean
Ignaziok kantatu eta dantzatu zuen gure lurraldean egiten den moduan
(zortziko bat, aurresku bat…?) triste zebilen lagun bat indarberritzeko.
Bere garaikideek Iñigo fisikoki deskribatu zuten altueraz baxua (1,60
metrotara ez zen ailegatzen), herrena Iruñeako zauriaren ostean,
bizarrarekin, burusoila (gaztetan sorbaldetaraino ailegatzen zen
ile-luze horia zuen) eta begi alaiak zituena. Ez zuen utzi bere
erretratorik egiten. Parisen haurrekin ikasiko du eta bere dirua utzi
zionari dena gastatu ostean, eskean ibili behar du, eta helburu honekin
Flandria eta Ingalaterraraino bidaiatzen du. Dirua kendu zion
espainiarrari laguntzeko eta Jainkoaren
zerbitzuan guztiz entrega zedin Parisetik Rouenera dauden 135
kilometroak egin zituen hiru egunetan oinutsik, jan eta edan gabe.
1533an
Arteetako (Filosofia) lizentziatura lortu zuen eta 1534an Arteetako
Maisu titulua lortu zuen Ignazio izena erabiliz, “Dominus Ignatius de
Loyola, diocesis pampilonensis”. Hemendik aurrera izen hori erabiliko du
gehienetan. Badakigu debozioa ziola lehenengo mendean San Paulo eta San
Joanen dizipulu izan zen Antiokiako San Ignazio martiriari. San Joan
Krisostomoren (347-407) arabera, Antiokiako Gotzain ordenatu zuen San
Pedrok (beraren eta Ebodioren ondoren bera jaio zen hiriaren izena
hartzen duen elizbarruti honen hirugarren gotzaina zen). Antiokiako San
Ignaziok idatzi zuen: “Utz piztietara jaurti nazatela, beraien bitartez
Jainkoarengana ailegatu bainaiteke. Jainkoaren garia naiz, eta piztien
koskek ehotzen naute, ogi garbia izateko. […] Orduan Jesukristoren
benetako dizipulu izango naiz.” Sakramentu guztiz Santuaren inguruan
hitz egiteko Eukaristia hitza erabili zuen lehenengoa izan zen:
“Eukaristia Jesukristo gure salbatzailearen haragi da, gure
bekatuengatik sufritu zuen haragia eta bere zintzotasun maitekorrean
Aitak piztu zuena.” Erakutsi zuen Mariaren erditze birjinaren inguruan,
Kristo Jainkoa eta gizona dela, igandea Jaunaren eguna dela, Eliza
Santua, Katolikua… dela, Erromako Gotzainaren lehentasuna, Ezkontzako
Sakramentuari buruz, Birjintasunaren (naturaz gaindiko bertutea)
inguruan, Ordenaren hiru mailen inguruan (gotzaina, apaiza eta
diakonoa), etab. Bere martiritzan lehoiek hil zuten eta Trajano Erromako
enperadorearen bederatzigarren urtean gertatu zen, Kristoren ondorengo
107 urtean.
Azpeitian hiru hilabetez
1535ean, osasunez
makal zebilelarik, medikuek esan zioten sendatzeko jaioterriko haizea
hartu behar zuela eta Azpeitira etorri zen indarrak hartzera. Azken
txanpan, Donostiatik Usurbil igarota Iturriotzera joan, bertan lo egin
zuen eta Lasaotik iritsi zen bere jaioterrira. Urtero gogoratzen da
ibilaldi hau eta dozenaka lagunek 52 kilometroak oinez egiten dituzte
otoitz giroan egunez apirila edo maiatza aldera (Itziarko Amaren
Santutegira gauez egiten den ibilaldiaren antzera). Magdalenako
ospitalean hartu zuen ostatu, ez bere jaiotetxean. Behin bakarrik joan
zen bere anaiaren egoitzara, horren arrazoia zen bere familiako bat
ohaidea zuela eta gauero leku sekretu batetik emakumea sartzen zela.
Iñigo hara joan zen eta kaleratu zuen. Azpeitiko haurrei eta nahi zuen
jende guztiari kristau dotrina erakusten eta behartsuei laguntzen aritu
zen hiru hilabetez, sendatu zen arte. Bere anaiak esana zion ez zela
inor joan behar eta berak erantzun zion “batekin aski da.” Asko izango
ziren Ignazioren lanaz etekin aterako zutenak.
Veneziara jo zuen
Gero,
Veneziara jo zuen 1535 eta 1537 bitartean, hara deituak baitzituen bere
lagunak; denek jarraitzen dute sutsu otoitzean, astero aitortuz eta
Jauna hartuz, eskean, gaixoei zaintzen ospitaletan, etxerik gabeko
behartsuei laguntzen, haurrei katekesia ematen, ohiturak berritzeko eta
sakramentuak hartzeko predikatzen dute, eta beraien kristau
itxaropenaren arrazoia ematen aurkitzen zituztenei. Azpeitia, Iruña,
Almazan (A. Lainezen herria, Ignazioren ostean Jesusen Konpainiaren
bigarren Nagusia izango zena, Alcalan ikasi zuen eta promozioko
hirugarren izan zen, faboritismoagatik lehenengo bi postuak oparitu
baitzituzten, handik Parisera joan zen ikasketak jarraitzeko, Ignazio
ezagutu, Jesusen Konpainian sartu zen eta Trentoko Kontzilioan parte
hartuko zuen), Siguenza, Toledo, Valentzia, itsasontziz Genoara eta
Bolognatik Veneziara heldu zen. “La Serenissima” ez zen preseski leku
turistikoa egun den moduan, Kanal Handitik itsasontziz joateko, gondolan
paseo erromantiko bat emateko edo San Markos plaza bisitatzeko;
gerrateak, epidemiak eta goseak inguruetako behartsuak, kaleko haurrak…
hara joatea ekarri zuen eta hiria jendez gainezka egotea. Ignaziok eta
bere lagunek laguntzen diete behartsuei. Hemen prozesatua izan zen eta
erromesaren aldeko epaia eman zen. Negusanti Gotzainak ordena txikiak
eman zizkion 1537ko ekainaren 10ean, azpidiakono egin zuen bost egun
beranduago, diakono ekainaren 17an eta apaiz ordenatu zuen urte bereko
ekainaren 24an, igandea, Venezian lau lagunekin batean. Vincenzan egon
zen lagunekin eta Veneziara itzuli ziren. Adriatiko Itsasoaren ondoan
dagoen hiri honetan San Jeronimo Emiliani (1480-1537) ezagutu zuten,
bizimodu antzekoa zeramana, liturgian otsailaren 8an ospatzen da bere
eguna, utzi zion soldadu izateari, fundatzaile izan zen, bere leloa
honakoa zen “lana, karitatea, fedea”, zeukan guztia saldu zuen pobreei
emateko, eskean zebilen eta berak jaten ematen zuen, janzten eta egoitza
eman. Behar handiko garai batean, umezurtzei lagundu zien materialki
eta katekesia emanez, soldaduen eta zibilen zauri nazkagarriak
Sendaezinen Ospitalean sendatzen ditu, Kaietano Thienek fundatu zuen
aipatu ospitalean, honen leloa hau zen: “Jainkoa maite duenarentzat,
dena arina da.”
“Erroman lagunduko zaitut.”
Azkenik,
Lur Santura joaterik izan ez zutenez otomandar inperioarekin gerra
baitzegoen, Erromara doa 1537an. Stortako elizan otoitzean, Erromatik
gertu, Ignaziok sentitzen du Jaunak esaten diola: “Erroman lagunduko
zaitut.” Meza berria eman zuen "Santa Maria Maggiore” Basilika handian
1538ko Gabon Gauean Jaiotzaren Aldarean, horren ondoan, tradizioaren
arabera, Jesusen sehaska dago. Montecassinon gogo jardunak eman zizkion
Ortiz doktoreari. Ignazio eta bere lagunek bere buruak eskaini zizkioten
Aita Santuari. Lagun-talde hari Jesusen Lagundia –Konpainia– izena
jartzeko inspirazioa izan zuen. 1539ko negua latza izan zen, aurreko
uzta eskasa izan zen, janari faltari eta garestitzeari, elurteak,
euri-jasak eta hotza handiak gehitu zitzaizkion. Erroman zeuden behartsu
ugarien multzoa handitu zuen inguruetako herrietako jende askok.
Ignaziok eta bere lagunak gailendu ziren beraien alde eskean
ibiltzeagatik, ogia, egurra eta lastoa jasotzen zutela. Behartsuei oinak
garbitzen zizkieten, gaixoak ohetan jartzen zituzten, gose zirenei
jaten ematen zieten eta horren ostean dotrinaren puntu oinarrizkoenak
azaltzen zieten eta maitasun anaikorrean bizitzeko adoretzen zieten.
Paulo
III.ak Jesusen Lagundia ontzat eman zuen 1540ko irailaren 27an,
“Jainkoa zerbitzatzeko eta gizakiei laguntzeko”, Kapitolioa eta Foru
inperialetatik gertu dagoen San Markos jauregian “Regimini militantes
Ecclesiae” Bularen bitartez. Italian hiriz hiri egitez eta hitzez
predikatzeari ekin zioten, hori baitzuten jardunik behinena, fede
katolikoa defendituz. Haurrei kristau-bidea erakusten, gaixoei
ospitaletan laguntzen zieten, etab. Hiru botoei, Aita Santuari
obeditzearena gehitu zioten. Prostituzioaren aurka borrokatu zuen eta
Santa Marta all’arco Comigliano etxea fundatu zuen, 1552ra arte bertan
hirurehun bat emakume esklabotza horretatik askatu ziren. Matias Gerardo
San Cassiano posta pontifizioaren arduradunak ikusi zuenean bere irrika
lizunaren objektu (eta ez bere entrega, leialtasun eta maitasunaren
subjektu) zen emakumea Santa Martan babesten zela, harrikatu zuen
eraikina eta Ignazio kalumniatu zuen. “Barkamenak, ez eta honek iturria
duen errukiak ere, mezu ebanjelikoaren pasarte bakar batean ere ez dute
esan nahi okerrarekin, eskandaluarekin, irainekin, egindako laidoekin
etorkor izan behar denik, okerra edo eskandalua konpontzea, iraina
zuzentzea, laidoa ordaintzea barkamenaren baldintza dira.” (San Joan
Paulo II.a). Azpeitiarrak prozesua hasi zuen Matiasen aurka eta irabazi
zuen. Horren ostean, ahalegindu zen akusatzaile faltsuari kalterik ez
ziezaiotela egin eta zigor gogorrik jar ez ziezaioten. Ez al zen zigor
nahikoa agerian zegoen egia.?
Ignaziok Jesusen Lagundiaren
Konstituzioak idazteari ekiten dio eta Konpainiaren Nagusi Orokorra
aukeratu zuten 1541ean. Une honetatik aurrera Erroman biziko da beti.
Bere egoitza Madonna della Strada (Bidearen Ama) Kaperatik gertu dago;
inguru honetako eraikinek aldaketa nabarmenak izan zituzten Ignazio hil
ostean eta egun leku horretan Gesù Basilika, Jesuiten Errefuxiatuentzako
Zerbitzua eta Via degli Astalliko Jesuiten Egoitza ditugu. Erromesaldi
luzerik ez du egingo, lau Basilika nagusiak (Vatikanoko San Pedro, Santa
Maria Handia, Letrango San Joan eta Harresietatik kanpo zegoen San
Paulo) bisitatzearekin konformatu beharko da. Bere bizitzako garai
honetan bost alditan besterik ez zen Erromatik irtengo. Mezetan indarra
hartzen du bere bizitza eta lanerako; eta Eukaristian aurkitzen du
Konstituzioetan idazten duen guztiaren konfirmazioa. Apostolutza ederra
burutu zuen bere idatziekin eta Eliza berritzeko sutsu lan egingo zuten
bere dizipuluei emandako formazioaz. Jesusen Konpainiako lagunak mundu
guztian zehar zabaltzen hasten dira. Xabierko Frantzisko, ekialderako
bidean, misio aldi berria hasten du eta 1552an hil zen Txinako ateetan,
India, Molukak, Japonen, etab. Jainkoaren Berri Ona zabaldu ostean.
Ignaziok hamaika eskutitza idatziko dizkie guztiei. Erroman kalumnia
jasan behar izan zuen beste inon ez bezala; eztabaida ez zitzaion
gustatzen Ignaziori, nahiago zuen baiestea, ez norgehiagoka ibiltzea edo
borrokatzea; hori bai, bere obra edo bere irakaskizuna edo idatzien
fedearen ortodoxia defendatu behar duenean, eman beharreko pausoak
ematen ditu gauzak argitzeko.
Ignazio gailendu zen juduen artean
egin zuen apostolutzagatik, bere egoitzan juduak hartu zituen eta behar
bezala erakusten zien. Lortu zuen Paulo III.ak 1542ko martxoaren 21eko
“Cupientes Judaeos” Bulan, bertan behera uztea juduak bihotz berritzea
oztopatzen zuten abusuzko ohiturek. Jesusen Konpainian onartu zuen
Frantzisko Borja santua (1510-1572), hirugarren Nagusi Orokorra izango
zena. Alejandro VI.a Aita Santuaren birbiloba eta Fernando Erregearen
biloba, ezkondu eta zortzi seme-alaba izan zituen. Gandiako Dukea eta
Kataluniako Erregeordea izan zen. Isabel enperatrizaren gorpua ikusiz
gero eta bere hiletan Avilako San Joanen (1499-1569) predikua entzunez
gero 1539an erabaki hau hartu zuen: “Sekulan ez dut berriro zerbitzatuko
hil daitekeen nagusia!” Emaztea gaixotu zitzaion, sendatzea eskatu zion
Jainkoari eta zerutik ahots batek esan zion: “Zuk aukera dezakezu zure
emaztearentzat bizitza edo heriotza, baina bizitzea nahiago baduzu, hau
ez da izango zure etekinerako ez eta beraren onerako ere.” Negarrez,
erantzun zuen Frantziskok: “Egin bedi zure nahia eta ez nirea.” 1546an
alargundu ostean, tituluak utzita, Jesusen Konpainian sartu zen
seme-alabak hazi ondoren, hasiera batean sekretuki, Ignaziok esan
baitzuen: “munduak ez ditu belarriak halako zarata entzuteko.” Oñatin
lau hilabetez biziko zen ermita batean erretiratua, 1551n apaiz
ordenatua izan zen, Meza berria Bergaran eman zuen. Oso
apal bizi izan zen eta lan ederra burutu zuen. Eskutitza batean bere
buruari aplikagarria den esaldi hau idatzi zuen: “Jainkoaren aurrean
handi dira bakarrik bere burua txikitzat dutenak.”
Orientabideak
eman zizikien XIX. Kontzilio Ekumenikoan (1545-1563), Trenton, parte
hartu zuten jesuitei (Lainez eta Salmeron; Jayk ere parte hartuko zuen
gotzain bati laguntzen). Dena Jainkoaren aintzarik handienerako egin
nahi zuen: “Ad maiorem Dei gloriam” (ikus 1 Ko 10, 31). Mistikoa da,
malkoen dohaina begiak hondatzeraino du eta arimaren gau iluna igaro
zuen. Izaera kontrajarriak armonian jartzeko eta haserre daudenak
adiskidetzeko dohaina du. Kristau guztiek bezala, Ignaziok ondo daki
bere esku dagoen guztia egin behar duela, baina azkeneko emaitza
Jainkoaren esku dagoela: segurtasun honek eguneroko lanean sostengatzen
du, bereziki egoera zailetan. Honen inguruan San Ignaziok idazten du:
“Lan egin guztia zure esku egongo balitz bezala, jakinik egiaz guztia
Jainkoaren esku dagoela.” (ikus Pedro Ribadeneira, Loiolako San
Ignazioren bizitza). 1551n bere errenuntzia aurkeztu zuen Nagusi
Orokorreko ardurari baina ez zioten onartu. 1551n eta 1552an fundatu
zituen Ikastetxe Erromatarra, egungo Unibertsitate Gregorianaren
aurrekari hurbilena, eta Ikastetxe Germaniarra, Europa Erdialdeko
apaizen heziketarako; hau guztiari apostolutza pedagogikoa deitzen zaio.
Ignazio gailentzen da bakarra eta hirutasuna den Jainkoari dion
maitasunagatik, Jesus Eukaristiarenganako gertutasunagatik, Jainkoaren
Amarenganako debozioagatik eta behartsuei laguntzeagatik. Ignaziok
konfiantza du gizakiengan, Jainkoaren graziaren laguntzan duelako
konfiantza. Maitasuna lortzeko kontenplazioan
Ignaziok dio
maitasuna gehiago jarri behar dela ekintzetan hitzetan baino, eta
horretan eredu izan zen. Kontenplazio honetako esaldi batek San Ignazioren
pentsamendua adierazten du: “Denetan maitatu eta zerbitzatzea Jainkoaren
maiestateari.” Pedroren Ondorengoaren hiria zen eta den
horretan, bera eta bere lagunak karrerismoagatik karguak, onura
materialak eta pribilegioak bilatzen zituzten apaizen kontrapuntua izan
ziren.
Heriotza eta kanonizazioa
Hiltzeko urte gutxi falta
zitzaizkionean, medikuak agindu zion malenkonia sortuko zionik
ekiditeko. Eta zerk sortu ziezaioken tristura? Bere konfiantzazko lagun
Gonsalves Camarari, Ignaziok esan zion: “Pentsatu dut zerk eman
ziezadaken melankolia eta aurkitu nuen gauza bakarra, Aita Santuak
Konpainia erabat desegitea izan zen. Eta, hori gertatuko balitz ere, nik
uste ordu laurden bat otoitzean emango banu, lehen bezain pozik
jarraituko nuela.” Beldurra al zuen berarekin gorabeherak izan zituen
Joan Pedro Carafa Aita Santua aukeratua izan zitekeelako? Hala gertatu
zen 1554ko maiatzaren 5eko konklabean, Paulo IV.a izena hartu zuelarik.
Dena dela, ez zuen berak bertan behera utziko Jesusen Konpainia. Edo
1773ko uztailaren 21ean sinatu zuen eta urte bereko abuztuaren 16an
aplikatu zen “Dominus ac Redemptor noster” Brebearen bitartez, Klemente
XIV.a Aita Santuak Jesusen Konpainia bertan behera uztearen profezia al
zen? Jesusen Konpainiak egitez iraun zuen Federiko II.aren Prusian
1776ra arte, eta Errusiako Inperioan Katalina II.arekin, hemen
zuzenbidez onartua izan zen Pio VII.aren Catholicae Fidei” Brebearen
bidez 1801ean, Paulo I.aren agintearen garaian. Bertan behera utzi
zenetik berrogeita bat urte beranduago, Pio VII.a Aita Santuak mundu
osoan berrezarri zuen Jesusen Konpainia “Sollicitudo omnium ecclesiarum”
Bularen bidez.
Ignaziori gustatzen zitzaion Kenpis edo Kristoren
Imitazioa izenburuarekin ezaguna den liburuan ondoko ikasbidea jasotzen
da: “Urtero bizio bat zuzenduko bagenu, agudo perfektuak izango
ginateke.” Berak asko aurreratu zuen bertutean, besteei irakasteko
moduan, Manareren kasuan bezala, behin batean Ignaziori esan zion
berarengan berriro pizten ari zirela garai bateko haserre eta jenio
txarra. Ignaziok adoretu zion borrokatzeko, eta ohartu zion sumina
moderatua izanez gero ondo uztartu zitekela gobernu lanarekin… baldin
eta moderatzen bazen.
Ignazio despota baten irudi okerraren
aurrean, ezagutu zutenek beste era batera erakusten digute. Nadalek dio
berarekin tratuan zela “arimak musu ematen duen moduan eta honetan suabe
eta lasai intsinuatzen da”. Haserreak ez zuen bera menderatzen,
alderantziz baizik, bere buruaren jabea zen. Loarte doktoreak esaten du
Ignazio zela: “olio iturri bat bezala”, eta Camarak dio “dena maitasuna
ematen du”, denekin atsegina da, familiarra inorekin ez. Bereziki
ulerkorra da ahulekin. Zorrotza da bere buruarekin lehenengo eta gero
indartsuekin.
Bizitzaren amaieran Ignaziok adierazi zuen bihotz
berritu zenetik Jainkoari asko mindu ziola (santu guztiak bezala bere
burua bekatari handitzat zuen; dena dela, bere aitorlea zen Diego Egiak
esango zuen beraren inguruan “santua da eta santua baino gehiago”,
indiskrezio honek bere konfesatzeko ardura samurra galtzea ekarri zion),
baina inoiz ez nahita bekatu larria eginez; bere debozioa hazia zela;
orain, inoiz ez bezala, Jainkoa erraztasunez aurkitzen zuela; agerpenak
eta mesedeak zituela Meza Santua ospatzerakoan edo Konstituzioak
idazterakoan.
Karlos V.ak inperioko eta bere
erreinuen koroari uko egin zuenaren berri izan zuen eta eskutitza batean
horren inguruan idatzi zuen: “Eredu arraroa, eta gutxik imitatuko
dutena, nahiz eta askok berdin jokatu beharko lukete.” Ignazio bere
munduko tituluak alde batera uzten doa, etorkizunean Felipe II.a izango
zenari begirunea duen, sinplea eta fededuna den formula honekin
zuzentzen zaio: “Nire jauna gure Jaunarengan”.
Azkeneko urteetan
osasunez nabari okerrera egiten du, denbora aurrera doalako nahi eta
nahi ez, Jesusen Konpainiaren gobernuaren arduren pisuagatik, bihotz
berritu ostean lehenengo etapan egin zituen penitentzia gogorrengatik
bai eta Meza ospatzeagatik ere, Kristoren Nekaldia, Heriotza eta
Piztuera eguneratzen den Misterio honetan Ignaziok sutsu eta mistikoki,
gorputz eta arima parte hartzen baitzuen, espirituz eta egiaz
adoratzaile baitzen. Ohean epe luzeak emango ditu. Gurutzeko San Joanek (1542-1591) adierazten duenez: “Ez dakizunera etortzeko, ez dakizun lekutik joan behar duzu”.
1556ko
uztailaren 31n Erroman hil zen, ustekabean harrapatu zituen bere
lagunak, arduratuago baitzeuden Lainezen gaixotasun larriarekin. Bere
jaia egun horretan ospatzen da. 1609an Paulo V.ak dohatsu izendatu zuen
eta 1622ko martxoaren 12an Gregorio XV.ak kanonizatu zuen Jesusen
Teresa, Felipe Neri, Isidro Nekazaria eta Xabierko Frantziskorekin
batera. Bere hilobia Erromako Gesù basilikan dago. Hil zenean mila
jesuita ziren eta horietatik 35 profesak ziren; Ignaziok 36 ikastetxe
onartuak utzi zituen. 1565ean bi mila jesuita izango dira eta 1615ean,
13.112 eta 372 ikastetxe zuzentzen dituzte. Ignazioren bizitzak indarrez
interpelatzen gaitu: Zer egin dezaket Kristorengatik? Gogo Jardunak eta
Jesusen Konpainiari esker Gipuzkoan jaio direnen artean munduan zehar
ezagunena dugu San Ignazio. Elizak, ikastetxeak, unibertsitateak, osasun
zentroak… bere izena daramatzate kontinente guztietan eta bere eraginak
gora egiten du bost mende igaro ostean. Horren froga dugu 2013ko
martxoaren 13an Aita Santua aukeratua izan zela lehenengoz Jesuita bat,
Jorge Mario Bergoglio, Pedroren Ondorengo izentzat Frantzisko aukeratu
zuena. San Ignazio Gipuzkoako zaindaria da Arantzazuko Amarekin batera.
San Ignaziok bi otoitz eder hauek egiten zituen:
Kristoren Arima, santu egin nazazu.
Kristoren Gorputza, salba nazazu.
Kristoren Odola, zoratu nazazu.
Kristoren Saihetseko Ura, garbi nazazu.
Kristoren Nekaldia, kontsola nazazu.
Ene Jesus zintzoa!, entzun nazazu.
Zure zaurietan, ezkuta nazazu.
Ez utzi zugandik alde egin dezadala. Etsai gaiztoagandik, babes nazazu.
Nire heriotzaren orduan, dei nazazu.
Eta Zuregana joatea agindu nazazu
Zure santuekin batean gorets zaitzadan
Gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Hartu ezazu, Jauna, eta jaso
Nire askatasun osoa
Nire memoria, nire adimena
Eta nire borondate osoa,
Nik daukadan eta gozatzen dudan guztia.
Zuk eman zenidan
Eta Zuri, Jauna, bihurtzen dizut.
Dena Zurea da.
Zuk nahi duzun moduan erabili ezazu.
Eman iezadazu zure maitasuna eta grazia,
Honekin nahikoa dut eta.
Egunkari espiritualeko hausnarketa nagusiak
" Jainkoak nik neure buruari baino gehiago maite nau."
"Zu jarraitzen bazaitut, Jesus, ezin naiteke galdu!"
"Jainkoak emango digu hoberena."
"Jauna, haur bat naiz! Nora naramazu?"
20
"Jesus, ez zintudan munduko ezerengatik utziko!"
"Zer nahi duzu nitaz, Jauna?"
"Jauna, zure graziarekin lagundu nazazu!"
"Ez dut merezi, Jauna, jasotzen dudan guztia!"
"Eman niri, Jauna, zure maitasuna eta grazia, hori nahikoa dut eta!"
"Jesus, izan zaitez nire gidaria, eraman nazazu."
Bibliografia
SAN IGNACIO DE LOYOLA.- Obras completas. Edit. BAC Madrid 1968
TELLECHEA IDÍGORAS, JOSÉ: Ignacio de Loyola: sólo y a pie. Edit . Cristiandad 1986
Autobiografia: http://www.mercaba.org/DOCTORES/ignacio_loyola01.htm